XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Gogora etortzen zitzaizkidan hamaika unetan, umea izan eta astebetera, edo lehenago, zutik jartzeko gai diren momentutik lanera itzultzera behartuta dauden munduko emakume guztiak.

Eta haiengatik egiten nuen negar lehendabizi, eta gero nigatik, pribilejiatua izaki, mixerablea sentitzen nintzelako.

Lagunekin egoteko ere denbora behar da.

Ama bihurtzen zarenean, ez da erraza ama ez diren lagunekin harreman estuetan jarraitzea.

Errazagoa izaten da ama direnekin harremanak estutzea, badirudi gauza gehiago dituzula konpartitzeko.

Eta batez ere, ordutegi beretsua.

Baina ama ez diren lagunak ditugunok saikera berezia egin behar izaten dugu haiei ere tarte bat egiteko, edo geure buruari ere, haiekin egoteko tarte bat egiteko.

Asko kostata, baina hitzordua egin eta gero, egoerari hala dagokiolako, edo zuretzat munduko gauzarik garrantzitsuena umea dela pentsatuta, umeaz galdezka hasten dira, hain zuzen, beraiekin hitzordua egiteko ahalegina, ordu pare batez, behinik, umeaz ez hitz egiteagatik egin duzunean.

Izaerarenak ez du erremedio handirik.

Ez da aldatzen umea izateagatik.

Aldatzekotan, gauzen garrantzia neurtzeko gaitasuna alda liteke. Baloreak. Baina izaera ez.

Ezinezkoa da jenio bizikoa eta zakarra dena umea izan duelako bare eta gozo bihurtzea.

Pixka bat samurtuko da akaso, baina apenas aldatuko zaion izaera.

Eta izaera bizia dugunok hor dugu errudun sentitzeko beste arrazoi bat (lehen nahikoa ez-eta).

Erraz haserretzen gara, eta, haserretzen garen bakoitzean, sentitzen gara errudun, umeari hitz bat bestea baino altuago egiteagatik (are gehiago, umeak hitz bat bestea baino altuago zergatik egin diogun ulertzen ez digunean).

Hasieran sekulako erru-zama sentitzen nuen bizkar gainean hori dela-eta.